XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Baina ez naiz gehiago akordatu.

Eta apur bat lotsatu naiz.

Eta andereño Joxepak esan du: Ederto.

Eta txalo egin du, eta gero baita Jon, Miren, Ainhoa, Edurne eta Iñigok ere.

Eta ikastolan galdetu dit: Nork irakatsi dizu kanta polit hori?

Eta nik erantzun diot: Aititak.

Gero ikastolan Anbotoko Mariren istorioa kontatu digu.

Mari hura oso polita izango zen: urrezko orrazi bat zeukan eta hegaz egiten zuen!

Eta gero autobusean andereño Joxepak esan dit: Txoferra ere Peru eta Antonen laguna da.

Eta nik uste dut badakidala zergatik esan duen hori.

Lehenago ere esan dut ikastola gustatzen zaidala.

Horregatik gero penaz egoten naiz etxera joateko.

Baina gaur, autobusean, eskolan baino hobeto pasa dugu.

Beno, autobusean eta patroletan.

Gaur arratsaldean autobusa beti bezala etorri da eta ni Iñigoren ondoan eseri naiz.

Eta esan diot etxean Ulegorri eta Mutile dauzkagula.

Eta berak esan dit: Nortzu dira horiek?

Eta nik esan diot txahala eta txekorra direla, behiaren seme-alabak.

Eta orduan berak galdetu dit: Eta behiak ze izena du?

Baina nik ez nekien eta asmatu egin dut ba: Eba!

Gero esan diot Ulegorrik aitari mihiarekin berba egiten diola, aurpegia igurtziz, eta gero aitak niri, mihiarekin esaten dit Ulegorrik esan diona, aurpegian eta belarri ondoan, eta, oso ondo ulertzen ez badut, atzera esaten diot: Aita, zer esan dizu Ulegorrik?

Eta aitak mihia pasatzen dit.

Baina laster isildu egin naiz.

Justu autobusa gelditu denean.

Nik ertzainak ikusi ditut eta Iñigori esan diot.

Gero txoferra jaitsi da eta ertzainek globo bat eman diote, puzteko.

Eta aurreko haurrek ere esan dute globo bat nahi dutela, eta guk ere bai nahi genuen, ze guri ere gustatzen zaizkigu, baina andereño Joxepak aurpegia serioa jarri du, haserretzen denean bezala.

Eta txoferra ere haserre zegoen, ze Jonek esan du esan duela: kaka zaharra!

Eta aurreko haurrek esan dute ertzainek globoari begiratu eta esan diotela: Edo bazter batean eseri edo korrika egin.

Ea mozkorra pasatzen zaizun.

Eta guk ere korrika egin nahi genuen, baina andereño Joxepak aurpegi seriogoa jarri du, eta esan du: Desde luego, egunen batean gizon honekin istripu bat izango dugu!

Gero ertzainek hartu dute irrati bat, pelikuletan bezala, eta oso-oso azkar etorri dira beste patrol bi.

Orduan denok jaitsi gara, eta txoferra oso haserre ikusi dugu, kafeterak kafea egiten duenean bezala, txuf-txuf.

Eta esan digute patroletara igotzeko, eta txoferra beraiekin geratuko dela.

Patrolak oso politak dira.

Eta Iñigok esan die ertzainei sirena jotzeko.

Baina ez dute jo.

Bakarrik batek deitu du irratiarekin, eta andereño Joxepak esan dio egia dela txoferrak ez duela tabernatik alde egiten.

Eta gero andereñoak esan du ez dakiela bihar ikastolara etorriko garen ala ez.

Herrira iritsi garenean, ama ikusi dut.

Eta bera eta ama guztiak berbetan hasi dira: Zer gertatu da? Istripu bat?

Baina andereño Joxepak esan du txoferra apur bat edanda zegoela eta horregatik etorri garela ertzainekin.

Eta ama ere haserretu egin da.

Baina ez zen goizeko haserrea, ze eman dit musu bat eta oso zarata haundia atera du.

Gero Conanen marrazkiak ikusten utzi dit.

Eta ni txoferraz akordatu naiz eta pentsatu dut: Gaur txoferrak igoal ezingo ditu marrazkiak ikusi, ze ertzainak berarekin haserretu dira. Gaixoa!

AITITA.- Aitona.

URREZKO ORRAZI.- Peine de oro.

HEGAZ EGIN.- Hega egin, hegan ibili. Volar.

TXAHAL.- Ternera.

TXEKOR.- Becerro.

MIHI.- Mingaina. Lengua.

BERBA EGIN.- Hitz egin, mintzatu.

IGURTZI.- Frotar, restregar.

PUZTU.- Inflar.

ZE.- Bada. Pues.

ISTRIPU.- Accidente.

IRITSI.- Heldu, ailegatu. Llegar.

EDANDA EGON.- Mozkortuta egon. Estar bebido.